XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

No son vascos, son hijos de..., aurtengo udan ere.

Ikusi al duzue Unamunoren epigonotxoren bat, bat sikira, oraingo Millan-Oreja eta konpainiaren aurrean oldartzen?...

Unamunok, bere foru-zaletasun gaixotia gainditzeko, gimnasia suediarra erabili omen zuen sendabide, horra, Jon Juaristi jaun katedradun especialista en asuntos indios txit prestuak, bere El linaje de Aitor liburuan informatzen gintuenez; begira ze ederki.

Gimnasia suediarra izan, nahiz ZEN filosofia izan, nahiz gure baztertasuna onartzea izan, nahiz erromantizismoa gainditu beharra izan, bide orok Erroma helmuga, hots, Madrid, bistan da.

Behingoz, espainol izaten etsi: horratx sendabide eraginkor bakarra gure erokeria sendatzeko.

Eta ez ditut denak zaku berean sartzen, kasu.

Gaur egun ere badira Unamunoak, gizon-emakume handiak, alegia, euskal hitzaren jabe eta maitale sutsu ez gutxi, baina badira bestelakoak ere, Txotxolomuno ergel aprobetxategi ezteusak besterik ez direnak.

Natorren, baina, neure alorraren bazterrera berriro:

Hil zen Mugitz.

Hil da, beharbada, Kurt Zurenski ere: Baroi Gorriaren ozartasun harroak ezin izan du eragotzi Kaiseren Armada zangarra garaitua izan dadin.

Lehenxeago iradoki dudan bezala, pentsamendu batek kezkatzen nau, baina, gehienbat: nire baitan kukuturik beti zelatan egon izan den Elissaldek irabazi ote du gerla hau ere, LVII.a Gerlan delakoa?...

O, euskaldun-jatortasun klerikal horrek, ustezko otzantasun folkloriko baten azpian, krudelkeriarik zantarrenak zuribidetzeko kapaz den horrek, airetuntxikitun-airetunlaire doinuaz eta xahatoaren jariopean, heriotzaren inguruan bromak eginez ere idazteko kapaz denak:

Bainan, jada errana dugun bezala, alemanak gerlari hautak dire.

Behin gibelatzerat bezala egin eta, berriz laster ikusi gintuen guri buruz heldu baionetak eskuan.

Tiro parrapata eder batzuek han berean itzatu zituzten gutiz gehienak, bethikotz.